XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beha hadi, Kalandrino, adiskideki mintzatu behar baldin banatzaik, hau erranen derauat, hiri gertatzen zaiana hauxe dela, izorra hagoela.

Kalandrino, hau entzutean dolorez hasi zen auhenka, eta honela erraten: Ai, ene! Errua hire dun, Tessa, beti baratu nahi baihaiz ene gainean.

Bai neraunan nik hau erraten!.

Andrea, guztiz honest baitzen, bere senarra entzutean, lotsatu eta gorritu zen, eta burua makurturik, isilik jalgi zen gelatik.

Kalandrinok, oraindik kexaka, honela zioen: Ai, ene urrikaria! Zer eginen dut! Nola erdi ahal naiteke haurraz? Nondik irtenen da?.

Andre horren gaiztakeriagatik, hilik ikusten naiz.

Jainkoak trista beza hura nik alegre egon nahi dudan bezainbat; osagarriz baldin banengo, ezpainago hala, jaikiko nintzateke, eta hainbat ukabil-kolpe emanen neraukeo non erdibiturik laxatuko baunuke.

Bai, inoiz etzait gainean jarriko, eta enbarazotik eskapatzen baldin banaiz, gogoak hil aileza unetigatik.

Kalandrino entzutean, Bruno, Buffalmacco eta Nelo, barreagatik hiltzeko pontuan zeuden, baina barrenean gordetzen zuten barre-gura.

Maisu Simonek berriz aha-beteka barre egiten zuen, bere hortz-egin guztiak erakusten zituelarik.

Baina azkenean, Kalandrinok maisuari kontseilua eta laguntasuna eskatzen zeraukalarik, erran zuen maisuak: Kalandrino, ezaut horren atsekabez ikusi nahi, zeren, Jainkoari eskerrak, garaiz hire gaitzaz ohartu garenez gero, lan gutirekin eta egun gutiagotan horretatik aterako haudala segurtatzen baihaut, baina zerbait gastatu beharko duk.